Maiatzaren 28tik urriaren 15era bitartean, Getxo Kalefest kaleko arteen jaialdiak kultura aire zabalera aterako du euskarazko 29 ikuskizunekin. Batez ere gazteei zuzendua baina familiei ere irekia dagoen ekimen hau joan den urteko Aurrekontu Parte-hartzaileetan jasotako kultur proposamenak gauzatu nahi ditu. Kalefesten egitarauak doa sarrera duten 29 ikuskizun bilduko ditu eta herriko auzo guztietan banatutako 10 kokalekutan egingo dira. Irantzu Uriarte Getxoko Kultur Etxeko lehendakariak azaldu duenez, ‘ekimen honen bitartez euskarazko kulturari protagonismoa eman nahi diogu, askotariko ikuskizunen bidez: dantza, antzerkia, zirkua, zinema eta diziplina anitzeko lanak’.

Antzerkiaren alorrean, hainbat lan egongo dira ikusgai, batik bat, ‘Kale gorrian’, etxegabetzeak satiratik jorratzen duena, edo ‘Legea gu gara’, gaurkotasun sozialeko komedia. Horiez gain, gizakien barne mundura zuzendutako umore eta ikusmen handiko bidaia, eta genero ikuspegia eta transgenero identitate bezalako gaiak islatzen dituzten bi muntaia ere izango ditugu: ‘Psike’ eta ‘Bidearen amaieran’. ’35 huts’ antzezlanean, berriz, adin batetik aurrera sinesmenak eta amatasuna birplanteatzea bezalako alderdiak ukituko dira, eta ‘Akabo’ obran suizidioaren gai polemikoa jorratuko da oso umore berezi batetik abiatuta.

Dantzari dagokionez, ‘Gazte’, ‘Qué tienen las flores’, ‘Topa’, ‘Dye Dye Dye’, ‘Otempodiz’, eta ‘Musu baten eztanda uhina’ pieza garaikideak eskainiko dira. Horietan, besteak, beste, gazteen inkonformismoa, estilo anitzen fusioa, Afrika-Euskadi konexioa eta feminitatea jorratuko dira. Azkenik, ‘Geure[r]a’, lana ere izango da ikusgai, dantza esekia, bideo-mapping-a eta musika uztartzen dituen pieza bikaina.

Zirku-lanetan, ‘E.go’, ‘Mikra’ eta  ‘Aukerak’ akrobaziak, malabareak eta ikuspegi garaikidetik landutako beste teknika batzuk ekarriko dituzte. Horiekin batera, ‘Aquiles’, formatu handiko figura protagonista duen lan ibiltaria, eta ‘Rotonda Circus’, inprobisazioaren aldeko apustua egiten duen ikuskizun sailkaezina ere izango dira. 

Azkenik, zinearen kasuan, haurrentzako, familientzako gazteentzako eta helduentzako filmak bildu dituzte. Kalefesteko egitarau osoa www.getxo.eus/kalefest web estekan dago eskura.