Kaleko artea sustatzeko, Getxoko Kultur Etxea eta Artekale elkarlanean hasiko dira, Euskal Herriko Kaleko Arteen Elkartea bezala, hitzarmen bat sinatuz. Honi esker, 2022ko Publikoentzako Sorkuntza Jardunaldiak direla eta, Muxikebarrik «Arteen Sukaldea 2022» programa hartuko du maiatzean, eta bertan zenbait hitzaldi eskainiko dira publikoaren garapenaren inguruan. Halaber, horren barruan, kaleko arteei lotutako ekintzak eta proiektu artistikoen deialdi bat ere egingo dira, eta azken horren emaitzak kaleko programazioaren barruan ikusi ahal izango dira.
12.000 euro bideratuko ditu Kultura Etxeak proiektu hau aurrera eramateko, eta maiatzaren bigarren astean Muxikebarrin izango diren jardunaldiak egiteko beharrezkoak diren ekoizpen-gastuen zati bat bere gain hartuko du. Bertan, kultur sektoreko izen ospetsuak izango dira hizlari eta publikoaren garapenaren inguruko hainbat alderdi aztertuko dituzte.
5.000 euro emango ditu Kultura Etxeak Getxoko 16 eta 25 urte bitarteko biztanleekin lankidetzan Artekalerekin batera abiarazitako deialdiaren barruan hautatutako bi proiektuak garatzeko. Proposamen horien bidez, proiektu artistikoetan herritarren parte-hartzea sustatu eta bultzatu nahi da, bai eta gazteen artean arteekiko eta kulturarekiko konpromiso soziala sortu eta kontsumo kulturaleko eredu berrietan sakondu ere.
Deialdiaren oinarriak http://www.artekale.org eta http://www.getxo.eus/getxokultura webgunetan daude eskuragarri eta 27ra arte egongo da zabalik. Gazteen eta kulturaren arteko harremanean, publiko berrien sorkuntzan eta dinamika berrien bidezko parte-hartze kulturalean sakondu nahi duten kaleko arteetako konpainia eta sortzaileei zuzenduta dago ekimena. Proiektu horiek inplikatzen dituzten herritar-taldeekiko lankidetza gutxienez bi astez garatuko da, proiektu horiek hasten direnetik kaleko arteen programan egingo den erakustaldira arte, eta horiek gauzatzeko erabilitako metodologiak bitartekaritza- eta baterako sorkuntza-prozesuak hartuko ditu.