10 jarduera berri Darabilboren eskutik

Aisialdirako 10 jarduera eskainiko ditu Darabilbo udal programak maiatzean, euskarazkoak eta doan. Maiatzaren 6an hasiko da, Miren Agur Meabek, Otxarkoagako Gizarte Etxean emango duen literatur hitzaldi batekin. Maiatzaren 10ean eta maiatzaren 12an, bisita gidatu bat eta tailer bat izango dira Rekalde aretoan Mikel Erkiaga artistaren eskutik. Maiatzaren 17an, txakoli dastaketa bat egingo da, baita gastronomia begetarianoko tailer bat ere. Maiatzaren 19an, Karmelo Landak gidatutako literatur ibilaldi bat egongo da, Pio Baroja plazatik hasita, eta maiatzaren 29an, gastronomiaren inguruko beste ekitaldi bat. Maiatzaren 24an, landareen sendatzeko ahalaren inguruko hitzaldi bat egingo da, Labore Bilbao elkartearen lokaletan, Santutxun. Maiatzaren 27an, zeinu-hizkuntza ezagutzeko tailer bat egongo da, eta, azkenik, maiatzaren 28an, hileko programazioa amaitzeko, bisita gidatu bat egingo da Masustegi auzoan. Eskaintza osoa eta informazio gehiago darabilbo.eus web orrialdean.

DARABILBO

2013an hasi zen proiektu hau, eta harrezkero mota guztitako jarduerak egin izan dira programan. Jarduerak taldean egiten dira, uztailean eta abuztuan izan ezik urteko gainerako hilabete guztietan, eta barruti guztietan. Euskarazko jarduera doako horietan parte hartzeko baldintza bakarra Darabilbo-ren web-orrian izena ematea eta 16 urte beteta izatea da (familiako jardueretan izan ezik).