Bilboko Konpartsak federazioak 2022ko jai-urtea Nagusia egitea erabaki du, azken bi urteotan jazotako ezohiko egoerari buelta emateko asmo sendoarekin: “Irria, poztasuna eta jaiak berreskuratzeko urtea da aurtengoa, horrexegatik diogu 2022a Nagusi egingo dugula”. Irailean hasi ziren aurtengo Aratusteak, Txosnaganerako mendi-martxa, San Juan gaua eta beste hainbat ekitaldi prestatzen, azken urteotan lagun izan dituzten hainbat eragilerekin batera. Dagoeneko, egingarri ikusten dituzte plangintzatutako ekimenak.

Gaur goizean, Nerea Matutek eta Ioritz Varonak ezagutzera eman dute kanpaina berria. Konpartson ordezkariek agerraldia egin dute Bilboko Hika ateneoan. Bertan elkarlana ere nagusitzeko asmoa dutela azaldu dute eta prestatzen ari diren “Nagusia egingo dugu!” kanpainako ekintzetan parte hartzera gonbidatu eta animatu dituzte bilbotar guztiak. Ohi bezala, konpartsak elkar zaintzaren filosofian oinarritu dira, eta beraz, egitarau denek osasun-neurriak errespetatu eta segurtasun kolektiboa bermatuko dutela ziurtatu dute.

Hala, hamabost egun barru abiatuko dute Bilboko jai-urtea, Aratusteetako X. Kopla Txikien Lehiaketarekin. Aratusteek, jakina denez, martxoaren 1era arte iraungo dute. Matutek eta Varonak ez dute zehaztu zein izango den Aratusteen programazioa, “hori Jai Batzorde Mistoari dagokio eta; ez gara gu spoilerrik egingo dugunik”. Beraz, itxaron beharko da jai zoro eta burlatiaren edukia ezagutzeko.

Argibide gehiago eman dituzte konpartsen hurrengo erronkaren gainean: Martxoaren 8a. Bilboko mugimendu feministaren deialdiekin bat egingo dute konpartsek, urteotako elkarlanari eta konplizitateari segida ematen, borroka feminista nagusia izan dadin laguntzeko. Ildo beretik ekingo dite Korrikari. Euskararen lasterketak apirilaren 6an zeharkatuko du Bilbo, eta egun horretan ere gure hizkuntza nagusia egiteko lana eta kilometroak egingo dituzte konpartsakideok, HitzEkin goiburuari eta lekukoari helduta.

Ekainean, ordea, kirola eta bizimodu osasuntsuak nagusituko dituzte, Bolintxu defendatzeko aldarriarekin batera. Hilaren 11n, Txosnaganerako mendi-ibilbide neurtua antolatuko dute konpartsakideok, mendizale eta naturazaleekin batera egunaz gozatzeko. Klasiko bilakatu den ekimen horri lekukoa hartuko dio beste klasiko batek, San Juan bezperan ospatuko den udako solstizioaren gaua. Euskal usadiok ere nagusi egingo dira.

Modu berean, uztailaren 16ko Konpartsakide Eguna antolatu ostean, “Bilbo osoaketa unibertso erdiak itxaroten dabiltzan Aste Nagusia, urteko ospakizunik nagusiena” ere “benetan nagusia” egingo dute. Alegia, horretan dabiltza Bilboko Jai Batzorde Mistoaren barruan, bilbotar ugarik eta makina bat eragilek lagunduta, “ahalik eta egitaraurik osoena eta aldiz seguruena osatzeko”. Beraz, gordetzeko datak izango dira abuztuaren 20a eta 28a bitartekoak.

Oro har, egutegi oparoa izango da datozen hilabeteotakoa, eta konpartsaren asmo sendoa da aurtengoa handia, itzela, benetan NAGUSIA izan dadin, bilbotarrek behar eta merezi duten moduan. Jaiurte honetako ekintza guztiak #NGS22 traolarekin jantziko dituzte konpartsek.

Azkenik, Nerea Matutek eta Ioritz Varonak nabarmendu dute jaien alde auzoetan egiten den lana: “jai-urte honen oinarrian badira Bilboaldeko herrietako eta auzoetako jaiak, atzean daukaten jai-batzordeen izugarrizko lan pareagabea, eta gutxitan eskertua”. Jai-batzorde bakoitzak eta Auzotarrok federazioari dagokio horren inguruko informazioa ematea.